Aldaketa beharra. ETB esnatu!

Aldaketa beharra. ETB esnatu!

0 personas han firmado. ¡Ayuda a conseguir 2500!
Con 2500 firmas, es más probable que esta petición sea publicada en los medios de comunicación locales
ETB esnatu! ha iniciado esta petición dirigida a ETBko zuzendaritza y

RESUMEN / LABURPENA:

Queremos una renovación de contenido en la ETB1, para que vuelva a ser una televisión euskaldun con un contenido competente, enfocado especialmente a la infancia y la juventud, para evitar la decadencia actual, en la que habiendo en la sociedad más euskaldunes que nunca, las audiencias de la ETB1 son las más bajas entre todas las habidas hasta el momento.

IDATZI ORIGINALA:

Martxoan hasitako itxialdiak, aipatu beharrik ere ez diren askotariko ondorio latzez gain, gure aburuz erabat beharrezkoa zen hausnarketa egiteko aukera ere eskaini digu. Euskararen euskarri izan beharko lukeen euskal telebistaren inguruan, alegia.


Txikitatik ETB1-ekin lotura estua eratu genuen gaur egungo gazte askok eta askok. Izan ere, eskura geneuzkan nahi beste abentura, istorio eta barre Doraemon, Hartz Txiki, Unibertsolariak, Betizu... eta aipa genitzakeen beste horrenbeste marrazki bizidunen eskutik. Era berean, gogoan ditugu duela ez hainbeste ikusleon arreta bereganatzea lortu zuten hainbat formato, Wazemank, Mihiluze eta Goenkale kasu, estatu mailako gainontzeko programei aurre egiteko modukoak. Telebista lehiakorra eta gainera euskalduna.


Egun, baina, egoera erabat ezberdina da. Batek baino gehiagok pentsa lezake iraganeko nostalgiaren lilurapean zutena baino balio handiagoa ematen diogula garai hartako eskaintzari, eta gaurkoa maila berekoa dela. Guk, berriz, aldea nabaria dela esango genuke. Izan ere, argi dago saioek zerbait dutela faltan, grina, berezko xarma, edo formatu berriren bat agian. Gainera, datuek ere hala diote: euskaldunon desio eta beharrak asetzen zituen zerbitzu publikoa ez da gai izan konexio hori mantentzeko. Programa bakoitzak bildu ohi duen ikusle kopurua aztertzerakoan, bistakoa da zenbaki benetan baxuak ohi direla. Adibide adierazgarri bat jartzearren, eta gezurra badirudi ere, 2020-ko apirilean gehiago ikusi izan da Euskal Autonomia Erkidegoan 13TV gure ETB1 baino. Penagarria benetan.


 Ez da harritzekoa, izan ere, atsekabez ikusten dugu behin eta berriro, eta salbuespenak salbuespen, ETB1-en eskaintza eskasa, nazio mailako beste telebista batzuekin lehiatzeko inolako aukerarik gabe. Horra hor, beraz, arazo nagusia: eskaintza erakargarri baten falta. Interes handirik pizten ez duten programa ugariz josita dugu Euskal Telebista. Bada garaia, benetan arreta merezi duten programak aurkezteko, egun dagoen nagikeri edo erosotasun horrekin hautsiz. 


Programazioa desastre hutsa da. Gutxi dira ikusleon arreta bereganatzeko gai diren programak, eta asko, inmobilismoan iltzaturik, astero telebistan jarraitzen dutenak. Inolako arrakastarik gabe, espazio eta tarte bat betetzearren soilik, edukiari inolako garrantzirik emanez. Zuzendaritzak gure katearen aldeko apostua alde batera utzi duela dirudi batzutan. Puntu honetan komenigarri litzateke gure hizkuntza edonolako interes politikoren gainetik kokatu beharko genukela azpimarratzea. Euskaldunontzat eta euskararen etorkizunerako garrantzitsua izango ez balitz bezala, ETB1 era sinbolikoan dago ia-ia, apaingarri moduan, gure telebistako aukeren artean, eta ez herritarron beharrak asetzeko izan beharko lukeen tresna bezala. Aldaketa zantzurik gabe, jokoan deus izango ez bagenu bezala. 


Bestalde, hizkuntzaren erabilera ere egoera honen arduradun izan daitekela deritzogu. Zalantzarik gabe, euskaldunon telebistak euskaraz behar du izan, baina betiere ikuslearengana hurbilduz. Bai egiazko aktore, bai bikoizlarien lanari zerbait leporatzekotan, naturaltasun falta litzateke. Artifiziala eta zurrunegia suerta daiteke, batez ere gazteontzat, euskara batu eta zuzenegia. Honen harira, adinaren araberako euskaldunen bilakaera kontuan izan beharko genuke. Izan ere, VI. Inkesta Soziolinguistikoko datuek adierazten duten bezala (7. orrialdean zehazki), 1991an 16-24 urte bitartekoek euskaldunon %22,5 a osatzen zuten. Gaur, aldiz, ehuneko hori  %55,4-eraino iritsi da. Beraz, hizkuntza erregistroaren inguruko erabakiak hartzerakoan ez genuke aurrekoa bistatik galdu behar. 


Honekin lotutako nahi bezain beste adibide topa daitezke, esaterako, ETBk bikoiztutako Merlí telesail katalandarrean. Primerako apostua zen gure telebistarentzat, erabaki trebea gazteak erakartzeko. Eta bai Katalunia bai mundu mailan arrakasta itzela lortu zuen telesailak ez du, aldiz,  ETBn emaitza bera lortu. Arazoa? Jatorrizkoak ez bezala, euskal bikoizketak ez duela jakin serie horren freskotasuna nola eskuratu. Arrotza egiten da ohiko euskaran erabiltzen ez diren adierazpenak txertatzea horretarako beharrik ez dagoenean, eta honek ikuslea urruntzea dakar, euskara eremu akademikora mugatuz. 


Jakina, ezin ukatu garai berri eta konplikatuak bizi ditugula, non teknologia eta komunikazio bide berriek aurrerapauso erraldoiak eman dituzten, jendearen ikusentzunezko kontsumo ohiturak erabat eraldatuz. Zentzu honetan, eta berriz ere aurreko datuak ahaztu barik, ETB nahieran web-guneak izugarrizko garrantzia izan beharko luke etorkizunerako eduki berri eta anitzagoa gehituz, egungo telebista mugikor, ordenagailu eta hainbat gailutan ikusten dela onartuz. Berritu ala hil.


Hori da, hain zuzen ere, testu honen helburua, beharrezkoa den berrikuntza bat eskatzea, bai edukian, bai helarazteko forman eta baita telebistarako sarbidean ere. Onartezina deritzogu garai berrien aitzakia baliatuz etsipenean murgildu eta euskal telebista poliki-poliki hondoratzen uzteari. Aurrerapenak eman ahala, gure telebistak norabide berean berrikuntzak egin beharko lituzke, garai berrietara egokituz. Ez da soilik desio hutsa, erabateko beharra baizik. Euskararen etorkizuna gure eskutan dagoela esan digute beti, eta afera honetan komunikabideek ere badute ardura handia. ETB duin baten premia dugu euskaldunok, adin orori zuzendutakoa, gaztetxoenak harrapatzeko, helduak bertan mantentzeko eta gure hizkuntza eta kultura islatzeko, modu gertu eta erreal batean.  


Argi dago aurretik aipatutako telebista eta ikusleen arteko lotura horrek, tamalez, jarraitasunik izan ez duela eta iragana berreskuratzeko aukerarik ez dagoela, baina biharra jokoan dugu, eta egoerari buelta eman diezaiokegu, asmorik baldin badago, noski. 2016an, 1991an baino 223.000 euskaldun gehiago egonda ere, euskal telebistaren kontsumoa inoiz baino baxuagoa izatea, egoera paradogiko eta onartezinaz gain, ETB1en kudeaketa traketsaren beste froga askotako bat da. Baina, aldi berean, etorkizunari begira egoerari buelta emateko aukera aparta izan daiteke, behingoz galdutako norabidea berreskuratu eta ETBren lehenengo katea berpizteko.


Euskal Telebista beharrezkoa dugu Euskal Herrian, kalitatezkoa, euskalduna eta leihakorra. Horregatik, aipatutako guztiak zuzendaritza barnean eta baita gizartean ere hausnarketa pizteko balio dezan espero dugu, eta hausnarketa dagoeneko egina izatekotan, behingoz egoera tamalgarri honi aurre egiteko eta hain beharrezkoa den aldaketari ekiteko. 


ETB, Euskal Telebista Beharrezkoa, Berria eta Bizia

0 personas han firmado. ¡Ayuda a conseguir 2500!
Con 2500 firmas, es más probable que esta petición sea publicada en los medios de comunicación locales