Eskolak Naturan! Orain da unea

0 personas han firmado. ¡Ayuda a conseguir 1.500!


Administrazio publikoei (bereziki Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari) eskatu nahi diegu beharrezko neurriak eta baliabideak ezar ditzatela eskolaz kanpoko espazio irekiak eta bereziki, naturguneak, kontutan hartuak izan daitezen eta eskolak naturguneetara modu sistematizatuan hurbiltzeko erraztasunak eman ditzaten.

Eskolak Naturan! ekimenaren parte garen Euskal Eskola Publikoko irakasleok gure ikuspuntua adierazi nahi dugu ikasturte berriari begira proposatutako neurrien aurrean.

Natura hezkuntzarako gune gehigarri modura proposatzearen aldeko hezkuntzako profesionalak gara eta, kezka sortzen digu proposatutako osasun neurriak ia soil-soilik musukoen erabileran, distantzia sozialean eta higiene iraunkorrean oinarritzeak, are gehiago frogatu denean Covid-19 birusaren transmisioa askoz txikiagoa dela espazio irekietan (Stadnytskyi et al., 2020; Qian et al., 2020).

Eskolak Naturan! ekimenetik aire zabaleko jarduerak lehenesten dituzten ereduen aldeko apustua egin nahi dugu, ikasgelen tamainak ez daitezen mugarri bakarra izan aipatutako osasun neurriak hartzerako orduan eta deia egin nahi dugu eskolaz kanpoko espazioak ere kontutan hartu daitezen (naturguneak bereziki).

Gure ustez, espazio hauek ingurune seguruagoak direla erakusteaz gain, bateragarriak dira ikasleen garapen emozionalarekin eta pertsonen arteko beharrezko harremanak errazten dituzte.

Eskola Publikoko irakasleak garen aldetik, Eskolak Naturan! ekimenetik laguntzeko eta koordinatzeko gure prestutasuna azaldu nahi dugu.

Amaitzeko, Naturan hezteko argudio batzuk zabaldu nahi ditugu:

-          Munduko Osasun Erakundeak klaseak aire zabalean ematea gomendatzen du.

-           Aire librean, COVID-19 birusaren kutsatzeko arriskua baxuagoa da (baita beste birus askorena ere). Aurrekoarekin loturik, espazio itxietan hitz egiteak, 8-14 minutuz uzten ditu COVID-19aren arrastoak airean (Stadnytskyi et al., 2020). Txinan egindako ikerketa baten arabera, aztertutako 7.300 positiboetatik soilik 1 kutsatu zen aire librean, beste guztiak espazio itxietan kutsatu ziren (Qian et al., 2020).

-          Save The Children-en arabera, aire librean jolasteko ezintasunak, epe luzean itxita egoteak eragindako estresak, asperdurak eta distantziamendu sozialak antsietatea eta depresioa eragiten dute haurrengan (Save the Children). Antzeko emaitzetara iritsi dira EHUko bi ikerketa ere (OPIK, Ozamiz-Etxebarria et al., 2020)

-          EDNA elkarteak (Asociación Nacional de Educación en la Naturaleza de España), COVID-19aren krisia gainditzeko tresna gisa Naturan Heztearen aldeko manifestu bat sortu du eta jada 2000 pertsonak baino gehiagok sinatu dute (EDNA).

-          Eguzki izpiek gainazaletako COVID-19a deusestatzen dutela ikusi da (Ratnesar-Shumate et al., 2020) eta D bitamina, eguzkiaren bidez sortzen duguna, covid-19 gaixo larrien kasuan tratamendu eraginkorra izan daitekeela dirudi (Costa de Lucena et al., 2020)

-          Beste herrialde batzuen eredua baliatu dezakegu, pandemia egoeran egonda ere, aire librera zabaldu dituzte ikasgelak (besteak beste, Eskoziak, Norvegiak, Danimarkak…)